XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7. SEKTAK

...Ikusirik halako sekta jakin batzuek ekintza bidegabe eta kriminalak eta giza eskubideen urraketak burutzen dituztela, hala nola tratu txarrak, eraso sexualak, bahiketak, gizakien salerosketa, jokabide erasokorretara bultzatzea, eta are, ideologia arrazisten zabalkundea, iruzur fiskala...

Esaldi hau Europako Legebiltzarraren 1996ko xedapenetik hartua da. Dokumentu horretan sektak ugaltzen ari direla nonahi ziurtatzen da; Europar Batasuneko Estatu kideei erne ibiltzeko gomendatzen zaie, eta zorroz dezatela fenomeno honi buruzko ardura esaten.

Eta halaxe da, izan ere, irudi benetan txarra daukate sekta delakoek. Gertaera harrigarri eta dramatikoekin lotzen ditugu: suizidio kolektiboak, hilketak, buru-garbiketak... Erabilpen peioratiboa du sekta hitzak berak ere. Fanatismoa eta tolerantziarik eza iradokitzen dizkigu.

Baina sekta horiek beraiek sorturiko zerbait ez da sekta hitza. Sekta horietako ez den jendeak sortu du. Hala bada, besteen erlijioak aipatzeko erabiltzen dugu sekta hitza.

Begibistan dago sekta batzuen izaera kriminala. Susmagarriak dira, halaber, beste batzuen negozioak edo lehentasun politikoak: ia beti eskuin burura makurturik azaltzen dira.

Baina garbi dago, halaber, sekta hitzaren azpian mota ezberdinetako erlijio-mugimenduak daudela. Eta zenbait kasutan sekta desberdinek beren artean daukaten lotura lurbirako erlijio nagusienekin dutena bera da. Horregatik askok eta askok ez dute aipatu ere nahi sekta hitza eta honen ordez nahiago dute mugimendu erlijioso modernoak erabiltzea.

Gogora dezagun:

- Beti izan dira sektak edo hobekiago esanik, erlijio nagusien alboan erlijio-talde koskorrak. Eta beti ere krisialdi-garaietan ugaldu izan dira. Gauza jakina da hau egungo munduan. Sekta askok pobrezia edo segurantzarik falta, bizitzeko ezina edo ideologiaren ahulezia nagusi den lekuetan aurkitzen ditu jarraitzaileak.

Hala bada, Latinoamerikan edo Afrikan ugari dira, baina baita Estatu Batuetan ere, herrialde komunista ohietan edota Mendebaldeko Europan. Sektak, erlijioak bezalaxe, maitasuna eta idealismoa eskaintzera datoz.